B06 BERRITZEGUNEA Basauri - Galdakao
B06 BERRITZEGUNEA Basauri - Galdakao
TELEFONOA: 944 28 81 31
Ikasturte honen amaierara hurbiltzen ari garen honetan, trantsizio une berezia bizi dugu Euskal Hezkuntza Sisteman. Martxoan onartu ziren BiziLab sortzea bultzatzen duen 20/2026 Dekretua eta HeziLab eratzeko 19/2026 Dekretua, eta dekretu horien bidez, hezkuntza-sistemari laguntza emateko zerbitzuen antolaketan aro berri bati hasiera eman zaio.
Aldaketa instituzional honek urte luzez erreferente izan den egitura bati ere agur esatea dakar: Berritzeguneei. Gure kasuan, Basauri-Galdakaoko B06 Berritzeguneari agur esateko unea heldu da; ikastetxe eta profesional askoren bidelagun izan den lan-guneari, hobekuntza-prozesuetan, hausnarketa pedagogikoan eta hezkuntza-berrikuntzan laguntza eman duen erakundeari.
Ez da erraza erakunde bati agur esatea, atzean hainbeste urteko lana, topaketak eta elkarrekin eraikitako proiektuak daudenean. B06 Berritzegunea ez da inoiz zerbitzu tekniko hutsa izan. Elkarrizketa pedagogikorako gunea izan da, ikastetxeei gertutik laguntzeko lantaldea eta hezkuntza-ezagutzaren eraikuntza kolektiborako topalekua.
Urte hauetan guztietan aukera izan dugu eskola, institutu eta hezkuntza-komunitate askorekin elkarlanean aritzeko. Kezkak, ikaskuntzak, zalantzak eta lorpenak partekatu ditugu. Prestakuntza-saio bakoitzak, berrikuntza-proiektu bakoitzak eta irakasle-taldeekin izandako elkarrizketa bakoitzak konfiantzan eta hezkuntza hobetzeko konpromisoan oinarritutako sare profesionala ehuntzen lagundu du. Horrez gain, berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleei ere arreta eskaini zaie, aholkularitzaren, hurbileko jarraipenaren eta familiekin izandako lankidetzaren bidez. Horrek guztiak, aldi berean, gure hezkuntza-sistemaren kalitatea, berrikuntza-gaitasuna eta elkarlanaren kultura indartzen lagundu du.
Orain hasten den antolaketa berriarekin, gaur egun Basauri-Galdakaoko Berritzegunea osatzen dugunok zerbitzu berri horietan kokatuko gara. Inklusioaren eta aniztasunaren arloko aholkularitza BiziLaben parte izango da, eta gainerakook HeziLaben integratuko gara.
Gaur aro instituzional bati amaiera ematen diogu, baina ez da amaitzen urte hauetan egindako lanaren zentzua. Ikasitako guztia, eraikitako guztia eta partekatutako guztia bizirik geratzen da pertsonengan, harreman profesionaletan eta urte hauetan gurekin batera ibili diren ikastetxeetan.
Erakundeak aldatu egiten dira, eraldatu edo desagertu ere bai; baina harreman profesionalek, elkarlanean eraikitako ezagutzek eta hezkuntzarekiko konpromisoak iraun egiten dute.
Gure aldetik, esker onez agurtzen dugu etapa hau. Bihotzez, mila esker urte hauetan guztietan gurekin batera hezkuntza hobe baten alde lanean aritu zareten ikastetxe, zuzendaritza-talde, profesional eta hezkuntza-komunitate guztiei. Zuen konfiantzak, ekarpenek eta lankidetzak eman diotelako zentzua Berritzegunearen lanari.
Basauri-Galdakaoko B06 Berritzeguneko lantaldearen izenean
Begoña Garamendi Ibarra Zuzendaria
Basauri-Galdakaoko B06 Berritzeguneko Zuzendaria