ELKARREKIN BIZIKIDETZAN IKASTEN ETA BIZITZEN IKASI

Elkarrekin ikastea eta bizitzea, eta bizikidetzan ikastea eta bizitzea ez dira gauza bera. Elkarrekin ikasi eta bizi daiteke bizikidetzarik gabe eta elkarri bizkar emanda. Bizikidetzak, aldiz, elkarbizitzari lotura afektiboa eransten dio.

Elkarrekin bizitzen ikastea eta bizikidetzan bizitzen ikastea zer den era askotara uler daiteke. Elkarbizitzaren esparrua mundu osora zabaldu daiteke eta orduan elkarrekin bizitzeko mundu mailako eta herrien arteko era askotariko arazo eta gatazkak ditugu aztergai: politikoak, ekonomikoak, identitarioak, lurraren jasangarritasuna… Mundu mailako arazo eta gatazka horien berri izatea eta horiei buruzko iritziak eta jarrerak garatzea eskolaren lana ere bada, ez ordea horien konponbidea.

Hezkuntzaren eta eskolaren egitekoa da ikasleek bizitzako egoera guztietan (eskola, lana, familia, lagunartea…) elkarrekin bizikidetzan bizitzeko prestatzea. Adituek horrela diote eta denok dakigu eskarmentuz, zeinen garrantzitsua den elkarren arteko harreman ona: egitasmoak aurrera ateratzeko, baldintza onetan irakasteko eta ikasteko, pozik bizitzeko… Ikaslearen gelako eguneroko bizitzaren eta eskolaren inguruko ingurune hurbilean kokatzen da eskolak zehar-konpetentzia honen inguruan gauzatu behar duen zeregin nagusia, pertsonarteko harreman baikorrak izateko eta elkarlanean aritzeko gaitasunarekin du zerikusia.

Copia de ELKARREKIN BIZIKIDETZAN IKASTEN ETA BIZITZEN IKASI