IKASTEN ETA PENTSATZEN IKASI

Ikaskuntzari ekiteko eta ikasten saiatzeko trebetasuna da, nork bere ikaskuntza antolatzekoa eta denbora eta informazioa eraginkortasunez kudeatzekoa, bai bakarka, bai taldeka. Konpetentzia hau izateko, nork bere ikaskuntza-prozesuaz jabetu behar du, ezinbestekoa da ikasle bakoitzaren ikaste-beharrizanez jabetzea, eskura dauden aukerak zehaztu behar dira eta oztopoak gainditzeko gai izan behar da, ikaskuntza arrakastaz amaitzeko

Ikasten ikasteko konpetentzia funtsezkoa da konpetentzia giltzarri guztiak erdiesteko eta bizitza osoko prestakuntza lantzeko. Informazioaren gizartean bizi garela esaten da, nahiz eta desinformazioaren gizartean bizi garela esatea ere zuzena litzatekeen. Horretan datza zehar-konpetentzia honen garrantzia: baliagarria eta fidagarria den informazioa eskuratzen, iturrien egokitasuna ebaluatzen, hautatzen, gordetzen eta berreskuratzen jakitea, garrantzizkoa da gaurko eta etorkizuneko gizartean bizitzeko.

Informazioaren gizartean bizitzeko prestatzea, ordea, ez da nahikoa. Informaziotik ezagutzara igarotzea da erronka. Horretarako, informazio ondo ulertzeko eta ulertutakoa zuzen baloratzeko eta adierazteko trebetasunak behar dira.

Zerbait ikasi nahi bada, ezinbestekoa da ondo ulertzea, izan ere, ulertzen ez bada, informazio hori ez baita erabilgarria izango.

Informazioaren ulermenaz ari garenean, badirudi alde kognitiboa begiratzen dea, baina informazioa ulertzeko alde emozionala kontuan hartzekoa da.

Azkenik, pentsamendu kritikoari ere garrantzia aitortu behar zaio. Izan ere, etengabe gertatzen dira iritzi desberdinen arteko eztabaidak eguneroko bizitzan. Eztabaida bizitza soziala eraikitzeko legamia da.

Iritzien balorazioa egiteko erabiltzen diren arrazoibideen (induktiboa eta deduktiboa) arauak ondo ezagutu eta erabili behar dira. Argudioak era limurtzailean erabiltzen jakiteak izugarri balio du bizitzan.